XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tentazioak eta dominak

Kubako ordezkariek presio handia izango dute Joko Olinpiko guztietan zehar

Estatu Batuetan asilo politikoa eskatu berri dute Kubako kiroletako hiru izar handik, Atlantako 26. Joko Olinpikoetan parte hartuko duen selekzioko kideak hirurak; eta badirudi horrek uharteko atleten beste desertzio olde bat iragartzen duela.

Roberto D'Cristrino / Habana

JOEL CASAMAYOR (54 kilo) eta Ramon Garbey (81) boxeolariek hurrenez hurren Bartzelona 92ko txapeldun olinpikoa eta egungo munduko txapelduna eta Rolando Arrojo beisbol jokalariak iragan Joko Olinpikoetako domina irabazlea, Kubara ez itzultzea erabaki dute, mendeurren historikoan lehiatzeari ere uko eginez horrela.

Boxeolari biak, 22 urtekoak, bat oilar pisukoa eta bestea erdi pisukoa, Atlantan urrezko domina irabaz zezaketenen artean ziren.

Beisbolaria, berriz, uharteko jaurtitzailerik hoberenetakotzat jotzen da, eta beisboleko norgehiagoka olinpikoan oso jokalari garrantzitsua izango zen.

Boxeoa hartzen da Kubako ordezkaritza olinpikoaren diziplina nagusitzat, Kubak kirol horretan lortu baititu zazpi Joko Olinpikotan irabazi dituen dominen erdiak.

Beisbola, berriz, Kubako kirol nazionala dela esan liteke.

Desertzio horiek gogor salatu ditu Fidel Castro buruzagi kubatarrak.

Diruagatik saldu direnak herriaren traidoretzat jo zituen, eta esan: Urrezko, zilarrezko edo brontzezko dominak baino gehiago interesatzen zaizkigu domina moralak, atleten ohorea.

Joko Olinpikoetara abiatzear zen kubatar ordezkaritza agurtzean egin zituen Castrok adierazpen horiek.

Gainera, Atlantara joango diren ordezkariek jasango dituzten tentazioez ohartarazi zuen: Presioa izango dute, gure herrialdea kosta ahala kosta ito nahi duen munstro inperialistaren lurraldean direlako.

Askok uste dute Joko Olinpikoak Estatu Batuetan izatea aukera bikaina dela uhartetik alde egin nahi duten eta selekzioan dauden kirolari kubatarrentzat.

1993an Amerikako Erdialdeko jokoetan gertaturikoa gogoratzen dute, Poncen (Puerto Rico), orduan izan baitzen azken desertzio oldea: dozenaka kubatarrek, haien artean atletak, funtzionarioak, entrenatzaileak eta kazetariak, atzera ez itzultzea erabaki zuten.

Kubako Iraultzaren garaipenaz geroztiko 35 eta gehiago urteetan, hainbat beisbolari, boxeolari, gimnasta eta diziplina askotako atletak aprobetxatu dituzte nazioarteko lehiaketak uhartea behin-betiko uzteko.

Asko eta asko profesionaltasunak erakarri zituen, Kuban amestu ere ezin diren irabaziak emango baitzizkien.

Kuban kirol amateurra baino ez da egiten.

Felix Savon boxeolariak berriki hamar milioi dolarreko eskaintza izan omen du, eta uko egin, Mike Tyson estatubatuarrarekin borroka profesional bat egiteko.

Savon behin baino gehiagotan munduko txapeldun izan da eta 91 kiloetako txapeldun olinpikoa da.

Beste kirolari batzuek, ordea, ezin eutsi izan diote milioi askotako proposamenen tentaldiari.

Kubako atleta gailenetako batzuek lesioak eta emaitza txarrak izan dituzte azken aldian kirol lehietan.

Orain, ordea, Kubak berdindu edo hobetu egin nahi du duela lau urte Bartzelonan erdietsitako bosgarren postua; urrezko 14 domina, zilarrezko 6 eta brontzezko 11 irabazi zituzten han.

Desertzioak gora-behera, kubatarren indarrak ez omen du izpirik ere galdu.

Selekzio indartsu honetako 170 atleta (111 gizon eta 59 emakume) lau urteroko lehiaketako 26 kiroletatik 14tan ariko dira.

Atlantakoa erronka zaila izango dela uste dute: azken urteotan erasan dien ekonomi krisiak kirol mugimendua ere harrapatu du, hain zuzen ere Kubako sozialismoaren lorpenetako bat.